XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

L. B.- Zuk, A. Santi, bertsolaritza eta olerkaritza alkarren ondoan jarri dituzu hainbat bider.

Esaterako, Milla Euskal-olerki Eder liburu bikainean, olerki-lanen ondoan bertsoei eta bertso-idazleei ere leku egin zeuntsen; beste horrenbeste egin izan dozu zeuk zuzentzen dozun OLERTI aldizkarian ere.

Zergaitik hori?

S. 0.- Nik eta euskal literatura eta batez ere olerkaritza eta bertsolaritza aztertzen dauan beste edonork ere, nik uste dot horixe esan behar dauala egia esateko: nahiz bertsolaritza nahiz olerkaritza, burutik eta bihotzetik sortzen diranak dira.

Olerkariak burutik sortzen dau bere olerki-gaia.

Eta gero, bihotzak emoten deutso sua.

Eta bertsolariak zer egiten dau?

Ba, beste hainbeste.

Herriaren aurrean jarri eta buruan dauana esaten dau; burutik ahora jasten da.

Eta ideia horri su emon behar jako eta hori bihotzak egiten dau.

Nik, orain dala urte asko, MILLA EUSKAL-OLERKI EDER argitaratu nebanean, bila ibili nintzan hara eta hona; bai Bizkaian, bai Gipuzkoan eta bai mugaz bestaldean eta abar.

Era guztietako bertsoak aurkitu nituan, bai olerkarienak eta bai bertsolarienak ere.

Hemen Bizkaian, Bilbon esaterako, baegozan eta neuk neukazan olerkari finen liburuak eta bertsolari batzurenak ere bai eta hortik hartu nituan.

Gero Gipuzkoara joan eta Donostian hango diputazioan arakatu nituan han egozan liburu eta aldizkariak.

Danetarikoak aurkitu nituan: batzuk eder-ederrak eta beste batzuk ez hainbestekoak, hain goikoak ez behintzat.

Gero Iparraldean ere hara eta hona ibili nintzan, honi itandu eta hari itandu...

Eta azkenez, Jainkoak ere honelako gauza on eta ederretarako beti laguntzen dau eta, Ustaritzera joan nintzan Laffite-rengana eta harek erakutsi eustan honako mordo handi bat, ia metro bateko mordo handia, olerkari eta bertsolarien bertsoz berak batutakoak.